XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konpainiaren bulegoko enplegatuak adierazi bezala, autobusaren beheko aldea goikoaren erdia ere ez zen.

Leku gehiena bertan egindako konpartimenduek hartzen zuten komuna edo kafe salatxoa bezalako konpartimendu bistakoak, edo konpartimendu gordeak, plastiko lodiko gortinekin hesituak eta hortik aurrera zortzi bat eserleku baizik ez zeuden.

Gainera, lekua urritu egiten zen sabaitik edo hormetatik zintzilikatutako objetuak zirela eta, hemen altzairuzko konketa edo kafearen makina, han urrutixeago bideoaren pantaila.

Bera hara jaitsitakoan, hiru pertsona baizik ez zituen ikusi, konpainiaren azafata eta berandu iritsitako mojak.

-Suerte txarra izan dute pentsatu zuen mojei begira.

Erretzaileak izan gabe beheko alde hartan egon beharra zeukaten, eta gainera bideoaren pantaila hurbilegi geratzen zitzaien, begietatik metro t'erdira edo.

-Nahi duzu zerbait? esan zion azafatak.

Txoferrek amorrarazi unean bezalako aurpegi larderiatsuarekin jarraitzen zuen.

Zinezko azafata ote zen?

Ala bere pausoak zaintzen ari zen poliziaren partaideetako bat?

-Kafe bat, mesedez erantzun zion salatxoaren eserlekuetako batean eseriz.

Maleta mahai gainean jarri eta zabaldu egin zuen.

Liburu batzuk hartu nahi zituen bidaian eskura edukitzeko, berak gartzelan gehiena irakurritakoak.

Agian ez zioten emango, behin kanpora atera eta gero, han eman izandako babesik,(...)